Munduko Landagunea, euskal gazte lankideekin

Zazpi gazte boluntariok beste hainbeste ekimen solidario ezagutuko dituzte uda honetan, Hegoaldeko herrietan, Munduko Landagunearen eskutik.

Urtero bezala, Euskal Gazteria Lankidetzan programarekin bat egingo du aurten ere Munduko Landaguneak. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen honen bitartez, dozenaka euskal gaztek Hegoaldeko herrietan boluntario gisa jarduteko aukera izan ohi dute. Uda honetan, Munduko Landaguneak zazpi profil eskaini ditu Bolivia, India (3), Kenya (2) eta Hegoafrikan, bolondresak hartzea erabaki duten tokian tokiko erakundeei esker.

Lanerako guneak modu askotakoak dira. Indian, Regina Pacis elkartearen babespean, aukeratutako gazteak haurtzaindegi batean lan egingo du, umeei eguneroko lanetan lagunduz. CIETekin, berriz, bolondresetako bat barnetegi bateko hezkuntza jardueretan jardungo da; bigarrenak behartsuenei zuzendutako osasun zerbitzu batean lan egingo du.

Afrikari dagonionez, nola Kenyako KIOF eta BIOGI, nola Hego Afrikako Matat-Eda, familia nekazaritzan diharduten erakundeak dira. Elkarte horiekin elkarlanean, hiru gaztek nekazal garapenerako jardueretan hartuko dute parte.

Amaitzeko, Bolivian, programan murgilduko den gazteak CIPCAren –laborantzaren inguruko ikerketa eta garapen zentroa– ekintzak ezagutuko ditu. Produkziora nahiz bertako garapenera zuzendutako ekimenak ezagutzeko aukera izando du; horiek guztiak liderren formakuntzan eta demokrazia parte-hartzailean oinarritzen dira.

Munduko Landagunearen ustez, esperientzia hauek Hegoaldeko errealitatearen berri izateko aukera eskainiko diete gazte horiei guztiei. Aurrean dutena ikusi, ulertu eta barneratuz, euskal jendartean ikasitakoa zabaltzeko parada izando dute parte-hartzaileek.