2014 Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtearen helburuak aurkeztu ditu Munduko Landaguneak Eusko Legebiltzarrean

Legebiltzarkideek kanpainaren nondik norakoak ezagutu dituzte.

2014 Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtearen (FNNU-2014) helburu nagusiak aurkeztu zituen Munduko Landaguneak maiatzaren 14ean. Nazio Batuen Erakundeak ofizialki aitortutako efemeridea da honako hau, mundu mailan gizarte zibilak bultzatutako kanpaina bati esker.

Munduko Landaguneko presidentea, Juan Luis Laskurain; Jose Mari Zeberio, idazkari exekutiboa; eta Jose Antonio Osaba, Nazioarteko Urtearen gizarte zibilerako koordinatzailea, legebiltzarkideen aurrean agertu ziren, kanpainaren oinarriak azaldu eta Familia Nekazaritzaren berri emateko. Aurkezpena Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Batzordean egin zuten, 12.00etatik aurrera.

Munduko Landaguneak gizarte zibila koordinatzen du munduan zehar, FNNU-2014rako ekintzak prestatzeko. Egun, datorren urterako programa hori prestatzeko lanetan dabil, kanpaina global honek jarritako bi helburu nagusiak bete ahal izateko. Batetik, familia nekazariei nahiz ustiapen txikiei eragiten dieten politika publikoak hobetzea; bestetik, eredu honek gizarteari dakarzkion onuren inguruan jendartea sentsibilizatzea. Hori guztia lema nagusi batean laburbiltzen da: Feeding the World, Caring for the Earth / Mundua elikatuz, Lurra zaindu.

Lan horretan buru belarri dihartute bost kontinentetako hainbat eta hainbat erakundek. Elkarlan horren ondorioz lortu zen, izan ere, Nazio Batuek 2014 Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea izendatzea; 2011ko abenduan NBEko Biltzar Orokorrak aho batez onartu zuen deklarazio hori. Programa ofizialaren prestakuntza FAOri dagokio. Nekazaritza eta Elikadura gaietarako NBEko erakundea da FAO.