International Land Coalition elkarteko kide egin da Munduko Landagunea

Lurraren Munduko Foroan egindako Batzarrak ofizialki onartu du ML bazkide izendatzea.

Munduko Landagunea (ML) International Land Coalition (ILC) elkarteko bazkide berria da, nazioarteko sare garrantzitsu honek joan den apirilaren 25ean egindako Batzarrak hala onartuta. Erabaki ofiziala Guatemalan gauzatu zen, Antigua hirian (Guatemala) hilaren 23tik 27ra egindako Lurraren Munduko Foroan.

ILC eta Munduko Landagunearen artean orain arte izandako elkarlana sendotuko du erabaki honek. Lurraren jabetza lehen mailako gaia da nekazaritza, landa garapena eta Giza Eskubideen arloetan eta, hain justu, auzi horretan eragiteko sortutako sarea da ILC.

Gizarte Zibileko zenbait elkartek nahiz erakunde arteko erakude batzuk osatzen dute International Land Coalition mundu mailako aliantza. Elkartearen helburu nagusia honako hau da: inzidentzia, elkarrizketa, ezagutzak partekatzea eta trebakuntzaren bitartez, lurraren jabetza justu eta bidezkoa bultzatzea, batez ere gizon-emakume behartsuenen kasuan. Bide horretan Lurraren Munduko Foroa antolatu du ILCk apirilaren 23 eta 27 artean, elikagaien segurtasuna ziurtatu ahal izateko lurralde gobernantza kontzeptuak gaitzat hartuta.

Munduko Landaguneak ere hartu zuen parte eztabaida-gune horretan, Jose Antonio Osabaren bitartez. 2014 Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urteko gizarte zibilaren arloko koordinatzaileak mahai-inguru bat gidatu zuen, honako gai honi buruzkoa: Familia Nekazaritzaren etorkizuna eta elikagaien ekonomia geopolitikoa.

Bi egun beranduago, Ideia Azoka bat antolatu zuten biltzar berean eta okasiorako prestatutako stand batek plazaratu zituen Familia Nekazaritzaren erronkak eta ahalmena.